Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Ene 23

Adimen-desgaitasuna duten Lantegi Batuak-eko 164 pertsonak daukate dagoeneko lorezaintza eta garbiketa arloko profesionaltasun ziurtagiria

Lantegi Batuakek langileei gaitasunak egiaztatzen laguntzen jarraitu nahi du, euren lan-jardunarekin lotutako profesionaltasun ziurtagiriak emanez. Prozesu horren bidez, gaur arte, ingurumen zerbitzuetako 251 pertsonak, horietatik 164 adimen-desgaitasuna dutenak, lortu dute dagokien diploma, gaurko azken 79 ziurtagiriak entregatuta.

Diploma horiek errekonozimendu profesional garrantzitsua dira, ez soilik pertsona horien egungo jarduerari dagokionez, baizik eta enpresa arruntetan lana lortzeari dagokionez ere, Lantegi Batuak erakundetik kanpo.

Errekonozimendua jaso duten 251 pertsonek -145 gizon eta 106 emakume- Lantegi Batuaken Ingurumen Zerbitzuen unitatean egiten dute lan eta aurkeztu diren garbiketa eta lorezaintza arloko gaitasun guztiak egiaztatu dituzte (abuztuaren 28ko 1378/09 Errege Dekretuaren arabera arautuak), zehazki, honako kategoriei lotutakoak:

  • Azaleren eta altzarien garbiketa eraikin eta lokaletan.
  • Jarduera osagarriak haztegi, lorategi eta lorezaintza-zentroetan.  

Silvia Sánchez eta Javier Nuñez dira azken deialdian diploma jaso duten pertsonetako bi, biak adimen-desgaitasuna dutenak.

Silviak 13 urteko lan-esperientzia dauka, horietako 9 Lantegi Batuak enpresan, eta Sopelanako Udalerako zerbitzuak ematen ditu. “Ilusio handia egiten dit tituluak, nire lanaren fruitua delako; eta nire gurasoak eta neba-arrebak oso harro daude”, esan digu. Gainera, erronka berriak ere planteatu ditu: “beste lekua batzuetan lan egiteko pizgarria da, eta besteek jakin dezaten zertarako gai naizen. Uste dut aurrera egiteko baliagarria izango dela, eta tituluak nire lanari balioa ematen diola”.

Antzeko kasua da Javier Núñezena. 5 urtez egon da lorezaintza brigada batean lanean, Durangoko Udalarentzat, eta “oso harro” dagoela dio. Bere esanetan, ziurtagiriak aukera ematen du “egiten dudana, egiteko modua eta nire balioa egiaztatzeko”. “Ez daukat hitzik. Nire lanbidea egiaztatzen duen titulu bat lortu dut azkenean, egunez egun egiten dudanarena”, esan du, poz-pozik.

2014 urtera arte, profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko deialdiek prozedura eta baldintza komunak markatzen zituzten pertsona guztientzat, laguntza eta egokitze beharrizanak kontuan hartu gabe, adimen-desgaitasuna duten pertsonena, esaterako. Horren ondorioz, pertsona horiek ezin izaten zuten parte hartu, martxan zeuden prestakuntza-sistema berrietatik kanpo  geratzeko arriskuarekin.

Hori dela eta, Lantegi Batuakek plan aitzindari bat jarri zuen abian, bere lan-taldeko kideen gaitasunak egiaztatzeko.

Prozesu horrek 4 urteko ibilbidea dauka dagoeneko eta aurrerapauso handia izan da adimen-desgaitasuna duten pertsonen laneratze eta gizarteratzean; eta, noski, motibazio handia da Lantegi Batuakeko langileentzat.

Pertsona horiek guztiek izan dute Lantegi Batuaken laguntza egiaztatze-prozesuan. Gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Lanbide Heziketarako Ezagutzaren Euskal Institutuaren (IVAC/EEI) eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesa ere izan dute.

Ekimen hau Aukerability proiektuaren barruan kokatzen da, Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatua Euskadiko 2014-2020 Programa Eragilearen barruan; eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailak babestu du. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere jaso du, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren bidez.

Pribatutasun politika Cookien politika