Gizarte ekonomiako erakundeak 3,48 milioi euroko Gizarte-balio Integratua sortzen du Gernika-Lumon
Lantegi Batuak-ek Gernika-Lumoko zentroaren berrikuntza integrala burutu du, 2,2 milioi euroko inbertsioaren ondoren.
Zentroak 147 pertsona ditu gaur egun, horietatik 36 Zerbitzu Okupazionalean, eta muntaia elektromekanikoetan espezializatuta dago. Bezero nagusien artean MESA (Grupo Schneider Electric), Plastibor (Gorlan Taldea), Arruti Group, ARCA, Ulma Conveyor Components eta Ibership daude.
Obrek espazioak berregituratzea ekarri dute, irisgarritasunean, segurtasunean eta funtzionaltasunean hobekuntzak txertatuz. Beheko solairuan ekoizpen eremuak berritu dira; lehen solairuan, berriz, jarduera gelak, aldagelak eta jantokia birmoldatu dira, baita bulego eta atseden guneak ere.
Jarduera horiek lan arloak optimizatzeko, produkzio eskakizunetara egokitzeko eta energia eraginkortasunean aurrera egiteko beharrari erantzuten diote. Alde horretatik, instalazio termikoaren berrikuntzak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza izan du.

Lantegi Batuak erakundeak Gernika-Lumon duen presentzia Aixerrota zentroa sortu zenekoa da, Pedro Elejalde kalean, eta 1977an jarri zen martxan. 21 erabiltzailerekin, inguruko enpresetarako lan osagarriak egiten ziren. 1995ean gaur egun Txaporta industrialdean dagoen gunera lekualdatu zen bere jarduera.
Gernika-Lumoko zentroan lan egiten duten pertsonez gain, Lantegi Batuakek beste 51 pertsonari ematen die enplegua Busturialdea-Urdaibai eskualdean. Pertsona horiek lorezaintza eta garbiketa lanak egiten dituzte eskualdeko hainbat ekipamendutan, besteak beste, Busturiako Udalean, Ekoetxea Urdaibain,
Mundakako IFASen egoitzan, Olabe eta Calzada egoitzetan, Centro Urdaibai udalekuetan, Bermeoko Ospitale Psikiatrikoan eta Gorabide zein APNABIren eguneko zentroetan.
Lantegi Batuak-ek Gernika-Lumon sortutako Gizarte-balio Integratua 3,48 milioi eurokoa izan zen iaz. Adierazle horrek erakundeak bere interes talde nagusietan duen eragina islatzen du: desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak, administrazio publikoak, bezeroak eta hornitzaileak.
Lantegi Batuak Bizkaian
Lantegi Batuak, Bizkaian erreferentzia den gizarte ekonomiako erakundea, 3.300 pertsonak baino gehiagok osatzen dute, eta horietatik % 80k desgaitasuna dute. Erakundeak lurraldeko eskualde guztietan banatuta dauden 21 industria zentro ditu, eta, gainera, zerbitzu sare zabala garatu du lorezaintzan, garbiketan, dokumentu kudeaketan, vending-ean edo mendekotasunari laguntzea bezalako arloetan.
2025ean, erakundeak 60 lan aukera berri sortu zituen desgaitasuna duten pertsonentzat: zentro eta zerbitzuen sarean 40 eta enpresa arruntetan 20. Gaur egun adimen urritasuna duten 139 pertsonak lan egiten dute Bizkaiko hainbat sektoretako enpresetan, Lantegi Batuaken Lagundutako Enplegua programari esker.
Negozio zifra 112 milioi eurokoa izan zen, hau da, % 14tik gorako hazkundea, eta 3,2 milioi euroko inbertsioak egin ziren.


