Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Feb 08

Amorebieta-Etxanoko Udalak Lantegi Batuak-i adjudikatu dio lorezaintza zerbitzua

Lantegi Batuak fundazioak Amorebieta-Etxanoko lorezaintza zerbitzuko kontratua eskuratu du, lehiaketa publiko bidez. Zerbitzua bi urterako adjudikatu da, beste bi urte luzatzeko aukerarekin.

Amorebieta-Etxanoko Udalak erosketa publiko arduratsu baten alde egin du, bazterketa arriskuan dauden kolektiboentzat (urritasunen bat duten pertsonak, esaterako) enplegua sortu eta mantentzeko mekanismoa erabilita.

14 lagunek osatuko dute lorezaintzako lantaldea, eta lanaldi osoan jardungo dute zeregin horretan. Beste bi lagun ere arituko dira, lanaldi partzialean, haurren jolas-eremuetan mantentze-lanak egiteko. Lantalde horretatik 12 dira urritasunen bat dutenak, hau da, lantalde osoaren %75.

Egin beharreko zereginen artean, besteak beste, honakoak daude: lorategiak zaintzea, belarra moztea, landare-hesiak eta zuhaixkak kimatzea, loreak landatzea, tratamendu fitosanitarioak aplikatzea, ibai ertzetako belar-sastrakak kentzea eta haurrentzako jolas-eremuetan mantentze-lanak egitea. Era berean, zerbitzu hori adjudikatzearen ondorioz, aldian behin, beste lan batzuk ere egin beharko dira; besteak beste, zuhaitzak landatu eta ureztatze-sistemak instalatzea.

Lantegi Batuak-ek esperientzia handia dauka garbiketa eta lorezaintza sektoreetan; hori horrela, Ingurumen Zerbitzuko unitatean 400 pertsonek egiten dute lan Bizkaia osoan (220 gizon eta 180 emakume), 305 lagunek garbiketa arloan eta 95ek lorezaintzan.

Gaur egun, gizarte izaera duen gure enpresak Bizkaiko 18 udaletan ematen du garbiketa edo lorezaintza zerbitzua: Plentzia, Ermua, Sopela, Mungia, Zalla, Durango, Iurreta, Igorre, Derio, Bakio, Gorliz, Arrigorriaga, Bilbo, Busturia, Fruiz, Artea eta Amorebieta-Etxano. Bestelako lanak ere egiten ditugu: eraikinen garbiketa, errepideen garbiketa, edota erakunde batzuetako lorategien mantentze-lanak, esaterako, Durangoko Mankomunitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Lantegi Batuak fundazioak 2.700 pertsona baino gehiagori ematen die lana, bere 20 zentroetan eta zerbitzu sare zabalean. Horietatik 2.400ek urritasunen bat dute. %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenekoa, eta gainerako %5ek, nahaste mentala.

Pribatutasun politika Cookien politika