Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Mar 01

Arrigorriagako Udalak Lantegi Batuak-i esleitu dio udal kiroldegiko garbiketa-zerbitzua

Lantegi Batuak-ek Arrigorriagako udal kiroldegia garbitzeko kontratua eskuratu du, lehiaketa publiko bidez; zerbitzu hori bi urtez emango da, luzatzeko aukerarekin. Sei lagunek jardungo dute bertan lanean: urritasun intelektuala duten bost, eta urritasun fisikoa duen seigarren bat izango dira.

Modu horretara, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 legearen zazpigarren xedapen gehigarria adjudikazio batean aplikatu duen Bizkaiko bigarren udalerria da Arrigorriagako udala, garbiketa-zerbitzuen alorrean lehenengoa, hain zuzen ere. Durango izan zen aitzindaria, udalerriko lorezaintza-zerbitzua adjudikatu zuenean.

Aipatu legea 2008ko apirilean sartu zen indarrean; bertan, “kontratazio publikoetan arlo sozialeko gaiak txertatzea ahalbideratzen duten mekanismoak” jaso dira. Horrek esan nahi du, gizarte erakundeek eta, horien artean, enplegurako zentro bereziek, urritasunen bat duten pertsonek lan munduan txertatzea ahalbideratzen duten lehiaketa publikoetan parte hartzeko aukera dutela.

Lege horren 7. xedapena da, batez ere, kontratazio publikoa enplegua sustatzeko tresna gisa erabiltzea ahalbideratzen duena; bertan, izan ere, honakoa jasotzen da: “Adjudikazio-prozeduretan enplegurako zentro berezien parte-hartzea nahiz horien exekuzioa erreserbatu ahalko da”. Horregatik, diskriminazio positiborako elementu bilakatu da, urritasuna duten pertsonen laneratzea ahalbideratzen duen heinean, Europako beste herrialde batzuetan gertatu den bezala.

Lantegi Batuak-eko garbiketa-taldeak egunero gauzatuko ditu garbiketa-lanak Arrigorriagako kiroldegian, goiz eta arratsaldez. Lan hauek izango dira: eraikin nagusia garbitu eta artatzea (barruko igerilekua, saunak, gimnasioa, frontoia, ekitaldi-aretoak, bulegoak, aldagelak, eta abar), bai eta inguruko instalazioak ere (futbol eta saski-baloi zelaiak, tenis eta padel pistak, kanpoko igerilekuak eta solariuma).

Lantegi Batuak-ek esperientzia zabala du garbiketa eta lorezaintza sektoreetan; urritasunen bat duten 300 lagun baino gehiagok egiten du lan bertan. Hori horrela, Ingurumen Zerbitzuen atalean, 200 bezerotik gora ditugu Bizkaia osoan, horietatik 30 Bizkaiko udalerriak direlarik.

Abagune larria bizi dugun arren, Lantegi Batuak-ek 2009an urritasuna duten pertsonen (lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa da; langabezia-tasa %30etik gorakoa da Bizkaian) enpleguari eutsi ez ezik, 72 lanpostu berri sortu ditu. Sortutako enplegu berriak zerbitzuen arloari dagozkio gehienbat, hau da; garbiketa, lorezaintza, zuzeneko marketina, dokumentuen kudeaketa, etxez etzeko janari-zerbitzua, gasolindegietako langileak edo vending zerbitzua.

Gaur egun, urritasuna duten 2.200 lagunetik gora ari da lanean Lantegi Batuak-en. Horietatik %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenezkoa, eta %5ek buruko gaixotasunen bat.

Pribatutasun politika Cookien politika