Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Nov 03

Lantegi Batuak-ek 350 kontratazio lortu ditu urritasuna duten pertsonentzako, Bizkaiko enpresetan

Lagundutako enplegurako Lanerako programak 20 urte bete ditu eta parte hartzen duten enpresa guztiei esker ona emateko ekitaldia antolatu du

Lantegi Batuak-ek esker ona adieraziko die gaur lagundutako enplegurako Lanerako programan parte hartzen duten Bizkaiko enpresei. Programa horren helburua urritasuna duten pertsonentzako enpresa arruntetan lan-aukerak sortzea da, enplegu bereziaren eremutik harago.

Adimen-urritasuna duten pertsonentzako enplegua sortzen laguntzen duten enpresa horiei egindako errekonozimendua LABIN enpresak jasoko du, sinbolikoki eta guztien ordezkaritzan.

Lanerakoren 20. urteurrena BBK Salan ospatuko da gaur eta jardunaldi tekniko bat ere egingo da. Gaur egungo lagundutako enpleguaren aspektu batzuk landuko dira eta urritasuna duten pertsonen gizarteratze-prozesuan enpleguak duen garrantziaz eztabaidatuko da. Ondoren, Mª Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun arloko Diputatuak eta Angel Toña, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuak egingo dute agurra.

Lanerako programari esker, 1995etik urritasuna duten 350 pertsona laneratu dira Bizkaiko 162 enpresatan, enplegu egonkorraren aldeko apustu argi batekin. Horrela, egun indarrean dauden 90 kontratuetatik, ehuneko 80 mugagabeak dira eta gainerako ehuneko 20 sustapenerako kontratu egonkorrak dira.

1999tik, eta etengabeko hobekuntza plan baten barruan, Lantegi Batuak-ek Lanerako programaren inguruko asebetetze-inkestak egiten ditu urritasuna duten kontratatutako pertsonen, horien senideen eta enpresen artean. Egindako azken inkestan, 2015eko irailean, parte-hartzaileen %90ak adierazi zuen asebetetze-maila orokorra altua zela. Inkestak hainbat gai espezifiko jasotzen ditu, hala nola garapen profesionala, harreman sozialak, baldintza ekonomikoak eta balio emozionalak.

Lanerakok aholkua ematen dien enpresei urritasuna duten pertsonen kontratazioaren inguruan, administrazio publikoan laguntzak tramitatzeko erraztasunak ematen ditu, lanpostuari buruzko azterketa egiten du, hautaketak egiten ditu eta langilearen prestakuntza eta jarraipenaz arduratzen da, beste gauza batzuen artean. 20 urte hauetan 3.000 enpresa baino gehiago bisitatu dira edo/eta aholkularitza jaso dute.

Enplegu arruntera egokitzeko faseetan, adimen-urritasuna duten pertsona guztiek daukate Lantegi Batuak-eko prestatzaile baten laguntza. Laguntza hori aldenduz joaten da apurka-apurka, kasu bakoitzaren beharrizanen arabera, Lanerako programaren azken fasera heldu arte, hau da, lanpostuan dagoen bitartean jarraipen bat egitea.

Lagundutako enplegurako programa hori LANBIDEK finantzatzen du, urritasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzera bideratutako lan arloko politika aktiboen barruan.

Indarreko legeria eta laguntzak

Indarreko legeriaren arabera, 50 langiletik gorako enpresetan lan-talde osoaren ehuneko 2a urritasuna duten pertsonak izan behar dira. Kanpo gera daitezke, salbuespen moduan, 2000ko urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuan jasotako neurri alternatiboren bat betetzen duten enpresak ( 2000ko urtarrilaren 26ko BOE, 22. zk.), hala nola merkataritza-kontratu bat edo kontratu zibil bat edukitzea enplegu zentro berezi batekin eta dohaintza edo babesletza ekintzak burutzea lan-jarduerara eta urritasuna duten pertsonen enplegua sustatzera bideratutako jarduerak garatzeko.

Bestalde, enpresen ikuspuntutik garrantzia handia duen aspektu bat hauxe da: urritasuna duten pertsonak hartzen dituzten enpresentzako dauden diru-laguntzak.

Zentzu horretan, Gizarte Segurantzak, LANBIDEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ordainsari eskaintzen dizkiete enpresei, urritasuna duten langileak aldi baterako edo modu iraunkorrean kontratatzeagatik, kasu bakoitzaren arabera egokitutako kontratuen iraupen, ordainketa eta lanpostuaren ezaugarriekin.

Pribatutasun politika Cookien politika