Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Ene 31

Lantegi Batuak-ek 90 lanpostu sortu zituen iaz urritasunen bat duten pertsonentzat

Azken 5 urteetan 420 lanpostu sortu dira. 2011n zentro berri bat inauguratuko da Getxon, eta baita dokumentu kudeaketa arloko bikaintasunean aitzindari izango den zentro bat ere. Bestalde, kudeatu egingo du Boluetako gazteentzako hiri aterpetxea, BBKrekin batera eginiko proiektua. 2011eko urtarrilaren 31 – Egoera ekonomikoa zaila izan arren, Lantegi Batuak Fundazioak urritasunen bat duten pertsonen enpleguak mantentzeaz gain —lan merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen taldea eta Bizkaian %30eko langabezia duena—, 78 lanpostu berri sortu zituen langile horientzat eta Lanerako programaren bidez urritasunen bat zuten beste 12 langileri lortu zien lana enpresa arruntetan.

Enpleguaren sorrera posible izan da, batetik, industria arloan nolabaiteko suspertzea eman delako, eta bestetik, oso modu esanguratsuan erakundeak zerbitzu sektorerantz dibertsifikazio estrategia bultzatu duelako, izan ere, gaur egun, jardueraren %50a sektore horretan ematen da. Horrela, krisi ekonomiko sakoneko egoeran eta enpleguaren suntsitze orokorrean murgilduta egon arren, azken 5 urteetan Lantegi Batuak gai izan da 420 lan aukera berri sortzeko urritasunen bat duten pertsonentzat.

Beraz, Lantegi Batuak-ek lorezaintza, garbiketa, zerbitzuen kanporatze eta publizitate zuzeneko jardueretan hazkunde nabarmena izan du. Gainera, beste proiektu berritzaile batzuk sustatu ditu, besteak beste, Etxejan (nagusiei jana etxera eramateko zerbitzua), Laguntek (laguntza tekniko eta laguntza gaien alokairua), Dokudea (dokumentu kudeaketan zentro aitzindaria), Hondata (isilpeko dokumentuen suntsitzea), Egunon (publizitate banaketa eta geomarketina) edo BBK Bilbao Good Hostel (gazteentzako hiri aterpetxea, irisgarria eta urritasunen bat duten langileek kudeatua).

Gaur egun Langile Batuak-en lanean daude urritasunen bat duten 2.300 langiletik gora. Horietatik, %70ak adimeneko urritasuna du, %25ak urritasun fisiko edo zentzumenekoa eta %5ak buruko gaixotasunen bat dauka.

Proiektu eredugarriak

Zerbitzu arloaren barruan, nabarmentzekoa da Getxon —Udalak lagatako lursail batean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzarekin— ireki den zentro berria. Bertan, Lanbide Zerbitzuaz gain, Dokudea dokumentu zentro aitzindaria eta bikaintasunezkoa ere egongo da. Sektoreko erreferentzia teknologiko bilakatu nahi du eta aurtengo urtearen amaiera aldera prest egongo da. Zentro horrek urritasunen bat dutenentzat 30 lanpostu sortzeko gaitasuna izango du, eta jarduera elektroniko eta kableatuez gain, bertan dokumentuen kudeaketa zerbitzuak, eta teknologia berriekin, digitalizazioarekin eta artxiboen kudeaketarekin loturiko jarduerak landuko dira, baita isilpeko dokumentuen suntsitzeari buruzkoak ere.

Oro har, proiektuak Lantegi Batuak-ek finantzaturiko bost milioiko inbertsioa eskatu du (Bizkaiko Foru Aldundiak 1,4 milioiko diru-laguntza eman du, eta BBK-ren gizarte ekintzak milioi batekoa). Bere baitan sartzen da Lanbide Zerbitzu bat sortzea, adimeneko urritasuna duten 100 bat pertsona hartzea aurreikusten duena. Uribe Kostan dagoen gizarte eskaera handiari nolabait erantzuteko aukera emango du.

Era berean, eta BBKrekin lankidetzan, Lantegi Batuak-ek irekiko du 2011n urritasunen bat duten pertsonek kudeatuko duten Europako gazteentzako lehenengo hiri aterpetxea izango dena. Establezimendu modernoa eta hiritarra izango da, Bolueta auzoan egongo da, Bilboko zentrotik 5 minutura metroz. Instalazioak irisgarriak izango dira, mugikortasun murriztua dutenentzat egokituta egongo dira eta zerbitzu sorta erakargarria izango dute.

Ziurtagiriak eta aitorpenak

Beste aitorpen batzuen artean, ondoko hauek lortu zituen Lantegi Batuak-ek 2010ean: Euskalit, Bikaintasunaren Euskal Fundazioaren zilarrezko Q-a; gizarte ekonomiaren “Txemi Cantera” saria; AENOR-eko brontzea osasun eta lan segurtasun arloan; eta Bizkaiko Merkataritza eta Enpresetako Tituludunen Elkargoaren urteko saria.

Bestalde, urritasunen bat duten pertsonak enpresa arruntetan lanean gizarteratzeko duela 15 urtetik hona Lantegi Batuak-ek bultzatzen duen programak, bere hamabosgarren urteurrenean, Salica enpresari eta Bilboko Merkataritza Ganberari aitortza eman die adimeneko urritasunen bat dutenentzat enplegu normalizatuaren alde eginiko lanagatik. Lanerako programak 1995az geroztik aukera eman die lan munduan txertatzeko adimeneko urritasuna duten 200etik gora langileri Bizkaiko 130 enpresatan, enplegu egonkorraren aldeko apustu garbia eginez. Une honetan indarrean dauden 100 bat kontratutik %78ak izaera mugagabea du eta %16a sustapenekoak dira.

Pribatutasun politika Cookien politika