Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Jul 15

Lantegi batuak-ek saria eman die Salica enpresari eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa ganberari

Lantegi Batuak-ek aintzat hartu ditu Salica enpresa eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganbera adimen-urritasuna duten pertsonei enplegu normalizatua lortzen lagundu dietelako. Errekonozimendu bi horiek Lanerako, lagundutako enplegu-programaren 15. urteurrenean egin dira; programa hori Lantegi Batuak-ek sortu zuen, pertsona horiek enpresa arruntetan lan egiteko aukera izan zezaten, enplegu bereziko tailer eta zerbitzu saretik kanpo.

Merkataritza Ganberari aitortza egin zaio Lanerako programari laguntza handia eman diolako, batetik, Bizkaiko enpresen aholkularitza, sustapen eta ordezkaritzarako organoa den aldetik, eta bestetik, Lurraldeko enpresa-jardueraren dinamizatzaile den aldetik. Bestalde, Salica kontserba-enpresa eredugarri izan da adimen-urritasuna duten pertsonak enpresa munduan integratzen. Gaur egun, enpresa horretako 200 langileetatik 7 Lanerako programakoak dira.

Lanerako programari esker (www.lanerako.com), 1995etik gaur arte, adimen urritasuna duten 200 pertsona baino gehiago hasi dira lanean Bizkaiko 130 enpresatan, enplegu finkoaren aldeko apustu irmoa eginez gainera. Horrela, indarrean dauden ehun kontratutik 78 mugagabekoak dira, eta ehuneko 16, enplegua sustatzeko enplegu iraunkorrak.

Lanerako Lantegi Batuak-en doako programa bat da eta Europako Gizarte Fondoak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute. Programa horrek hainbat arlotan laguntzen du: enpresari aholkularitza ematen dio urritasuna duten pertsonak kontratatzeari buruz, administrazio publikoan laguntzak tramitatzea errazten du, bete beharreko lanpostua aztertzen du eta hautagaiak aukeratu eta langilearen prestakuntza eta jarraipena egiten du. 15 urte hauetan, 2.200 enpresa baino gehiago bisitatu eta aholku eman zaie.

Programa horrek baliabideak eta laguntzak eskaintzen ditu, betiere lagundutako enpleguan oinarrituta, eta pertsona horien laneratze-prozesua eta ibilbide osoa zaintzen da enpresetan. Lan arruntera egokitzeko faseetan, adimen urritasuna duen pertsona bakoitzak Lantegi Batuak-en laneko prestatzaile baten laguntza izaten du; laguntza hori, pixkanaka-pixkanaka eta pertsona bakoitzaren arabera, gutxitzen joaten da Lanerako programaren azken fasera iritsi arte, eta orduan jarraipena egingo zaio lanpostuan dagoen bitartean.

“Aukerarik onena”

Aurten, enplegurako eragozpen bereziak dituzten pertsonentzako urte zail honetan, Lantegi Batuak-ek abian jarri du honako ataria www.lanerako.com. Atari horren asmoa da Bizkaiko enpresen jardunbide egokiak eta bertan lanean ari diren minusbaliatuen esperientziak partekatzea. “Aukerarik onena” eslogana goiburu hartuta, web orri honetatik lanean ari gara enpresen kontratazioa eta laguntza sustatzen, minusbaliotasuna duten pertsonen gizarteratzea lortzeko enpleguaren bidez. Horrez gain, kontrataziorako laguntza-programei buruzko informazio eguneratua dago bertan eta minusbaliotasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratze alorreko erreferentziazko blog bat.

Legeria eta laguntzak

Indarrean dauden legeen arabera, 50 langiletik gorako enpresek minusbaliotasuna duten pertsonen ehuneko 2 kontratatu behar dute. Betebehar horretatik salbuetsita geratu daitezke 2000ko urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuan jasota dauden neurri alternatiboetakoren bat betetzen duten enpresak. Bestalde, enpresaburuen ikuspegitik garrantzi berezia dute minusbaliotasuna duten pertsonak hartzen dituzten enpresentzako dauden laguntzek eta diru-laguntzek.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Segurantzak eta SPEE-INEMek laguntza garrantzitsuak ematen dizkiete minusbaliotasuna duten langileak aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzen dituztenei: fondo galdurako diru-laguntzak, gizarte segurantzako kuoten salbuespen partzialak eta lanposturako egokitzeko diru-laguntzak, betiere maila ezberdinetan, kontratuen iraupena, ordainsaria eta lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuta.

Pribatutasun politika Cookien politika