Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Oct 17

Aldundiak Lantegi Batuakekin batera zentro okupazionaletan garatzen dituen terapia berritzaileak eraginkorrak direla balioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek lehenengo aldiz egiaztatu dute Feldenkrais metodoa eraginkorra dela ezintasun intelektuala duten pertsonen zahartzearekin lotutako arazoak prebenitzeko.

Lantegi Batuak taldeko lanbide-zerbitzuaren erabiltzaileentzako proiektu pilotu berritzaile hau finantzatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, ezintasuna duten pertsonek lan-inguruan zahartze aktiboa izan dezaten.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dutenez, eraginkorrak dira Bizkaiko Foru Aldundiak bere erantzukizunpeko Lantegi Batuak taldearen zentroetako plaza okupazionaletan garatzen dituen terapiak; terapia horiek proiektu pilotu moduan gauzatzen ari dira. EHUko Fisiologia Zerbitzuan egin den eta Jon Irazusta doktoreak zuzendu duen ikerketa horrek egiaztatu duenez, mugimendua berriz heziz gero, ezintasun intelektuala duten pertsonen zahartzearekin lotutako arazoei aurre har dakieke. Hori horrela, Feldenkrais metodoaren eraginkortasuna frogatu dute. Metodo horrek, izan ere, mugimendu kontzientea eta arreta gidatua baliatzen ditu, mugimendu-patroi eraginkor eta sanoak bilatzeko, bai eta mugitzeko gaitasunak findu eta posturak hobetzeko ere.

Lantegi Batuak taldeak kudeatzen dituen foru zentro okupazionaletan 32 erabiltzailek (21 gizon eta 11 emakume) sei hilabetez esperimentatu duten bilakaera aztertu du ikerketa-taldeak. Azterketaren arabera, mugimenduaren jakitun izaten ikasiz gero, hobetu egiten dira ezintasun intelektuala duten pertsonen mugikortasuna eta gorputz-oreka. Ikerketa hori nazioartean eragina duen “Research in Developmental Disabilities” aldizkari zientifikoan argitaratu da.

Ezintasuna duten pertsonen zahartze aktiboa lan-arloan

Ezintasun intelektuala duten pertsonen bizi-itxaropenak gora egin du azken urteetan. Gaur egun, Lantegi Batuakeko desgaitasun intelektualdun pertsonen % 61ek 40 urte baino gehiago ditu. Orokorrean, pertsona horiek 50 urte bete ondoren hasten dira zahartze-sintomak nabaritzen, baina lehenago ere izan ditzakete narriadura-sintomak, eta aurretiaz eta zeharka landu behar dira. Bizkaiko Foru Aldundia eta Lantegi Batuak lankidetzan ari dira desgaitasun intelektuala duten pertsonen zahartze aktiboa eta lanbide-egokitzapena sustatzeko proiektu pilotu berritzaile batean. Proiektu horrek 2017an Foru Aldundiaren 140.000 euro jaso ditu, eta, horren bidez, Gizarte Ekintza Sailak honako hau lortu nahi du: narriadura- edo zahartze-sintoma goiztiarrak dituzten edo, edozein arrazoi dela kausa, babes-premia osagarriak dituzten ezintasun intelektualdun pertsonek laneko jardueretan edo jarduera okupazionaletan jarraitu ahal izatea, hala nahi badute, horretarako beharrezko babesak eta baldintzak bermatuta.

Feldenkrais metodoaren eraginkortasuna

Ezintasun intelektualaz ari gara informazio berria edo konplexua ulertzeko eta gaitasun berriak ikasi eta aplikatzeko gaitasuna nabarmen murritza denean. Halaber, gaitasun murritz hori duten pertsonek zahartze goiztiarreko zantzuak izan ohi dituzte (besteak beste, mugikortasuna eta oreka murrizten zaizkie), eta, ondorioz, areagotu egin daitezke ezintasuna, bizi-kalitatearen galera eta gizartean baztertua izateko arriskua.

2015eko irailaren eta 2016ko maiatzaren artean garatu zuen azterketa hau EHUko Fisiologia Saileko ikertzaile-talde batek, eta, horretarako, Feldenkrais metodoa erabili zuen, hau da, mugimenduaren gaineko arreta kontzientean oinarritutako sistema, Moshé Feldenkrais fisikako doktore eta ingeniari ukraniarrak garatua. Ikerketan parte hartu duten ezintasun intelektualdun 40 eta 60 urte bitarteko 32 pertsonak 16 pertsonako bi taldetan banatu ziren (esku-hartzeko taldea eta kontrol-taldea). 30 astez, lehenengo taldeko kideek astean talde-saio bat jaso zuten, mugimenduaren bidez beren burua ezagutzeko. Hau da, ahozko jarraibideak ematen zitzaizkien zeregin bat egin zezaten, eta partaide bakoitzak erabakitzen zuen zeregin hori nola burutu. Hala, hainbat aukera aztertzen zituen, egiteko errazena eta ahalegin gutxien eskatzen ziona zein zen erabaki arte. Kontrol-taldeak ez zuen eskolarik jaso, ez eta mugimenduan oinarritutako terapiarik egin ere.

Azterketa amaitzean, esku-hartzeko taldean egon ziren pertsonek azkarrago egin zituzten ebaluazio funtzionaleko zereginak, eta hobetu egin zituzten mugikortasuna eta oreka neurtzeko probak, kontrol-taldearekin alderatuta. Plataforma estabilometriko baten bidez oreka aztertu zen, eta, horrez gain, honako proba funtzional hauek egin ziren: ibiltzeko abiadura, aulki bat altxatzea, eta oin-oreka. Ariketa horiek guztiak saioak hasi baino lehen eta saioak amaitu bezain pronto egin ziren.

Beraz, ikerketa honek lehenengo aldiz frogatu du Feldenkrais metodoa eraginkorra dela ezintasun intelektuala duten adin ertaineko pertsonen gaitasun funtzionala eta egoera fisikoa hobetzeko.

Erreferentzia bibliografikoa Jon Torres-Unda, Vanesa Polo, Iratxe Dunabeitia, Iraia Bidaurrazaga-Letona, María García-Gil, Ana Rodriguez-Larrad, Jon Irazusta The Feldenkrais Method improves functioning and body balance in people with intellectual disability in supported employment: Arandomized clinical trial; Research in Developmental Disabilities. 2017ko iraila Research in Developmental Disabilities- The Feldenkreis Method

Pribatutasun politika Cookien politika