100%

GAI

Mar 24

COVID-19 birusak sortutako egoeraren kudeaketa

Koronabirusak eragindako Osasun Alerta hasi zenetik, Lantegi Batuak erakundean pertsonen osasuna babesteko lanean ari gara, eta, ahal den neurrian, Bezeroenganako zerbitzua mantentzeko ere bai.

Martxoaren 2an COVID-19 birusaren aurkako protokoloa aktibatu genuen. Jarraipen Batzordea sortu zen, Zuzendaritzaren eta Segurtasun eta Osasun Batzordearen partaidetzarekin.

DENOK hartu ditugu neurriak hasiera-hasieratik: osasun, antolakuntza, lan, prebentzio eta administrazio arlokoak, eta jarduera bakoitzerako neurri zehatzak. Gainera, emandako gomendioei jarraitu diegu, Lantegi Batuak erakundeko lan-talde osoaren osasuna babesteko.

Antolakuntzari dagokionez, krisi hau kudeatzeko lanean jarraitzen dugu; inoiz baino konektatuago gaude, eta ahal den neurrian tele-lana egiten ari gara, malgutasuna eta, batez ere, kontziliazioa bideratzeko.

Pertsonen inklusioa eta garapena:

Euskadin Osasun Larrialdia eta Alarma egoera deitzearen ondorioz,

  • Martxoaren 16tik, gure Zentroetako Zerbitzu Okupazionala etenda dago adimen-desgaitasuna duten 825 pertsonentzat, Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz (Gizartekintza).
  • Era berean, aurrez aurreko prestakuntza ekintza guztiak bertan behera geratu dira (oinarrizko prestakuntza profesionala, ikastaroak, lanekoak ez diren praktikak eta prestakuntza duala).
  • Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako aurrez aurreko orientazio ekintzak ere etenda daude; hala ere, online aholkularitza mantentzen da.

Bezeroenganako zerbitzuak:

Lanean jarraitzen dugu, bezeroei zerbitzua eta hornidura ematen jarraitzeko, bereziki, ezinbestekoak diren horietan.

  • Gure Zentroetan INDUSTRIA zerbitzuak ematen jarraitzen dugu; izan ere, une honetan garrantzitsua da irekita dauden industria estrategikoentzako osagaiak hornitzen jarraitzea (ekipamendu elektrikoa, energia, automobilgintza, ekipamendu medikoak, kontsumo ondasunak eta logistika).
  • Gure industria Zentroetako batzuetan, Zallan eta Sestaon esaterako, maskarak eta babeserako besteko ekipamendu batzuk fabrikatzeko berrantolatu dute lana, izan ere, produktu horiek funtsezko bihurtu dira krisi honetan.
  • Funtsezko ZERBITZUAK ematen jarraitzen dugu, hala nola pertsona nagusien edo desgaitasuna duten pertsonen egoitzetako garbiketa zerbitzua, garbitegia, oheak eta jantokia; pertsona nagusi edo mendekoentzako etxez etxeko janari banaketa; laguntza produktuen hornidura; espazio publikoen garbiketa eta loretzaintza zerbitzuak.
  • Alarma egoera dela eta, ostalaritza establezimenduak (BBK Bilbao Good Hostel eta Amorebietako Restop) itxita daude martxoaren 16tik, egoera bukatu arte.

Egun bizi dugun egoera honek iraun bitartean, Lantegi Batuak erakundea osatzen duten 3.000 pertsonaren osasuna babesteko lanean jarraituko dugu, birusaren hedapena saihesten laguntzeko, gure Bezeroei zerbitzua ematen jarraitzeko eta Bizkaiko gizartearen kohesioa mantentzeko. Beti egin dugun moduan, oraingoan ere erakutsiko dugu Ehuneko Ehun Gai garela.

Pribatutasun politika Cookien politika