Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Abr 08

Lantegi Batuak eta Iruña Catering batu dira eta Etxejan sortu da, adineko pertsonei janaria estera eramateko zerbitzua

Lantegi Batuak eta Iruña Catering batu egin dira, “ETXEJAN” janari-zerbitzua abian jartzeko. Elkarlan horren helburu nagusia adinekoen edota mendeko pertsonen beharrizanei berariazko arreta eskaintzea da. Gizartean geroz eta ugariagoa den eskari bati erantzuna emateko sortu da Catering hori; Bizkaian jardungo du, eta norbanakoak edota hala eskatzen duten udalerriak izango dira zerbitzuaren jasotzaileak.

Enpresa-proiektuek izan ohi dituzten osagaiez gain, ETXEJAN zerbitzuak badu bestelako helbururik; izan ere, adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi du, beraien neurrira egindako zerbitzuaren bidez, elikadura orekatu, osasungarri eta pertsonalizatua eskainiz. Era berean, pertsona horien eta beraien ingurukoen autonomia pertsonala sustatuko du, familia-ekonomian aurrezkia lortu arteraino, sarri askotan.

Aurreikuspenen arabera, 65 urte baino gehiago dituzten 200.000 lagunetik gora izango dira 2010ean Bizkaian; horien erdiak baino gehiagok, gainera, 75 urtetik gora izango dute. Zentzu horretan, datozen urteetan mendetasunaren fenomenoak urtean ehuneko 20ko hazkundea izango duela aurreikusi da.

Biztanleriaren etengabeko zahartze nabari horrek beharrizan berriak sorrarazi ditu gizartean; mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzea da horietako kasu bat eta, kasu zehatz honetan, pertsona horiei etxean laguntza ematea. Egoera horren aurrean, Lantegi Batuak eta Iruña Catering zerbitzuak gizarte alorrean eta ostalaritzan duten esperientzia batu dute, hurrenez hurren, eskari horri erantzuna eman eta kalitatezko zerbitzu aitzindaria eskaintzeko.

Irabazi asmorik gabeko erakundea da Lantegi Batuak. 25 urteko ibilbidean 2.200 lagun baino gehiagorentzat lan-aukerak sortu ditu Bizkaian, industria nahiz zerbitzu jardueren bidez. Zerbitzuen arloari dagokionez, honako sektoreak aipatu behar dira, besteak beste: lorezaintza, garbiketa, pintura, gasolindegiak, vending, zuzeneko marketinga, digitalizazioa, ziurtagiri bidezko dokumentuen suntsiketa edota mendeko pertsonentzako laguntza teknikoen alokairua.

Grupo Iruña ostalaritza zerbitzuen kudeatzaile integrala da, sektorean 20 urteko esperientzia duena. Horren baitan dago, alegia, Iruña Catering, etxera eramateko janari-zerbitzua. Merkatuan sortzen diren beharrizanei egokitu nahian, Iruña Catering zerbitzuak aurrez prestaturiko plater-linea baten aldeko apustua egin du kolektibo zehatz horri begira. Ezaugarriei dagokienez, aipatzekoak dira: naturaltasuna, kalitatea, eta nutrizioa, bai hornitzeko bai prestatzeko erraztasunak ematen dituen formatu batean, betiere.

Modu horretara, kalitatezko menu desberdinak bermatzen dira, hala eskatzen duten adineko edo/eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat.

Pribatutasun politika Cookien politika