Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Mar 14

Lantegi Batuak Fundazioak dokumentuen kudeaketarako bikaintasun zentro bat instalatu du Getxon, eta lehenengo zerbitzu okupazionala Uribe Kostan

Lantegi Batuak-ek –urritasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzeko Bizkaian lan egiten duen irabazi asmorik gabeko erakundea- bere presentzia handitu du Uribe Kostan: zerbitzu okupazional berri bat dago orain, eta Dokudea zentroa ireki da, dokumentuen kudeaketarako bikaintasun zentroa. Zentro horrek enpresa eta erakundeen esku jartzen ditu dokumentuen eta artxiboen kudeaketarako konponbideak, balio erantsi bezala. Zentro horrek 31 lanpostu sortu ditu, horietako 22 urritasunen bat duten pertsonentzat. Dokudea eta zerbitzu okupazional berria Getxoko Lantegi Batuak-en zentro berrian daude kokatuta. Getxoko Udalak utzitako partzela batean egin da zentroa, eta Andra Mari auzoan dago, Gabriel Ramos Uranga kalean. Ingurumen-irizpideen arabera egindako eraikina da, eta hiru solairu ditu; zati bat lurpean sartuta dago, begi-inpaktua gutxitzeko, eta altuerari dagokionez, ez da inguruko eraikinen artean gailentzen.

Proiektu osoak 5,5 milioi euroko inbertsio ekonomikoa ekarri du (azpiegitura, instalazioak eta ekipamenduak) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantza-babesa eduki du (1.400.000 euro), baita BBKren Gizarte Ekintzarena (1.000.000 euro) eta Lanbiderena ere (721.000 euro).

Uribe Kostako lehenengo zerbitzu okupazionala.

Lantegi Batuak-en Getxoko zentro berriak Uribe Kostako lehenengo Zerbitzu Okupazionala hartu du bere gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzarekin hitzartua, eta adimen urritasuna duten 100 pertsonarentzako lekua dauka. Horrela, Uribe Kostan dagoen gizarte-eskaerari erantzuna eman zaio.

Zerbitzu okupazionala honela definituko genuke: urritasunen bat dutenek gizarte-bizitzan parte hartzeko jarduera eta baliabide multzo bat, garapen pertsonalerako programen bitartez bideratua, betiere lan- gizarte- eta prestakuntza/hezkuntza-jardueren inguruan. Zentroaren helburua da erabiltzaileen garapena erraztea, autonomia pertsonala, auto-determinazioa eta balorazio nahiz funtzionaltasun sozial handiagoa sustatuz, bizi-kalitate hobea izan dezaten.

Zehazki, Getxoko zentroak industriarako balio erantsi handia duten jarduerak hartzen ditu barne: elektronika, kableatuak, muntaketa elektrikoak eta eragiketa logistikoak; horrez gain, espazio berri bat izango du, adimen urritasuna dutenek herri-bizitzan parte-hartze handiagoa izan dezaten.

Dokumentuen Kudeaketarako Bikaintasun Zentroa.

Dokudearen (www.dokudea.com) helburua dokumentuen kudeaketa arloan erreferente teknologiko bihurtzea da, eta neurrira egindako zerbitzu profesionala eskaintzen du. Honakoak hartzen ditu barne: aholkularitza, online euskarri informatikoa, dokumentazio-bilketa, digitalizazioa eta agiri konfidentzialak zaindu eta suntsitzea, modu ekologikoan eta ziurtagiri bidez. Prozesu guztia kontrol zorrotzen bidez egingo da, balio erantsia emanez eta erabateko segurtasunarekin. Horri guztiari beste zerbitzu berritzaile batzuk gehitu behar zaizkio, teknologia berriei eta administrazio digitalari lotutakoak.

Lantegi Batuak Bizkaian.

Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bertan, urritasuna duten 2.300 pertsona baino gehiagok egiten dute lan. Horietatik %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenezkoa, eta %5ek buruko gaixotasunen bat.

Lantegi Batuek (www.lantegi.com) 22 lantoki dituzte, Bizkaian zehar diharduten hainbat zerbitzu-brigada eta urritasuna duten pertsonak enpresa arruntetan txertatzeko programa bat (www.lanerako.com).

Gaur egun, gizarte-ekonomiako enpresa honek sektore publikoko nahiz pribatuko 1.000 enpresa inguru ditu bere bezero-zorroan, eta hainbat jarduera egiten ditu industria-esternalizazioan eta zerbitzu osagarrietan, betiere dibertsifikazioan, berrikuntzan eta erantzukizunean oinarrituta, eta hainbat erakunde (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Udalak) eta gizarte-eragilerekin elkarlanean.

Lantegi Batuek pertsonengan, iraunkortasunean eta bikaintasunaren bilaketan zentraturiko balioetan oinarritzen du bere kudeaketa, bai bezeroentzako zerbitzuetan, bai pertsonen arretan. Hainbat kalitate-ziurtagiri jaso izan ditu; esaterako, Kudeaketa Bikaintasunaren Zilarrezko Q, ISO 9000 (kalitatea), OSHAS 18000 (laneko segurtasuna eta osasuna), ISO TS 16949 (automozioa), eta Aukera Berdintasuna (Emakunde).

Lan-aukerak sortzeko ahaleginean, Lantegi Batuen zerbitzu-eskaintza zabalduz joan da urtetik urtera, Bizkaiko enpresa-sarea osatzen duten sektore ezberdinetara egokituta.

• Industria Esternalizazioa: mekanizazioa, galdaragintza, soldadura, muntaketa elektrikoak, elektronika eta ekoizpen nahiz logistika zerbitzuen teknologiak garatuz, eta eskakizun handiko sektoreetara bideratuta: ekipamendu elektrikoak, automozioa, kontsumo handia, energia berriztagarriak edo etxetresna elektrikoak.

• Zerbitzu osagarriak: ingurumen arloko zerbitzuak (lorezaintza eta garbiketa), hiri-altzarien mantentze-lana, logistika dedikatua (Enklabeak), vending, gasolindegien kudeaketa (Repsol/Petronor), autonomia pertsonalerako lagungarri teknikoen alokairua (Laguntek), adineko pertsonentzako etxez etxeko janari-zerbitzua (Etxejan), garden center (Lorelan) edo turismoa (BBKBilbaoGoodHostel).

• Komunikazio banaketa eta dokumentuen kudeaketa: posta-operadore independente gisa esku hartuz zuzeneko marketin jardueretan (Gupost), inprimaketa, publizitate-banaketa eta geomarketina (Egunon), digitalizazioa eta dokumentuen kudeaketa (Dokudea) eta dokumentuen suntsiketa konfidentziala (Hondata).

Pribatutasun politika Cookien politika