Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Oct 21

Lantegi Batuak-ek merkataritza eta enpresa tituludunen elkargoko “kalkulagailu ameslaria” saria lortu du

2010eko urriaren 21a – Merkataritza eta Enpresa Tituludunen Elkargo Ofizialak “Kalkulagailu Ameslaria” saria eman dio gaur Lantegi Batuak-i, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan egindako ekitaldian.

Sari horren bigarren edizioa da aurtengoa, eta horren helburua da pertsonen, enpresen edo erakunde publikoen empresa-balioak, sozialak edo giza balioak aitortzea, enpresa arloan edo gizarte arloan proiektu berritzaileak gauzatzen, sustatzen edo laguntzen dituztenei. Lantegi Batuez gain, hauek dira beste bi erakunde finalistak: Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi Sustapen Saila eta Telebilbao telebista katea. Aurreko edizioan saria Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearentzat (ASLE) izan zen.

Epaimahaiak funtsezko lau arlo hartu ditu kontuan hautagaiak baloratzeko orduan: originaltasuna eta berrikuntza maila, enpresa-garapena sustatzea, gizarte-ekonomia edo ekonomia solidarioa sustatzea, eta azkenik, enplegua eta ingurumenaren babesa sustatzea.

Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bertan, minusbaliotasuna duten 2.200 pertsonatik gora egiten dute lan. Horietatik %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenezkoa, eta %5ek buruko gaixotasunen bat.

Egoera ekonomiko larria bizi dugun arren, 2009an, Lantegi Batuak-ek urritasuna duten pertsonen (lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa da; langabezia-tasa %30etik gorakoa da Bizkaian) enpleguari eutsi ez ezik, 48 lanpostu berri sortu ditu. Gainera, Lanerako programaren bitartez, urritasuna duten beste 24 pertsonari enpresa arruntetan lan egiteko aukera eman die.

Enplegu-sortze hori zerbitzu sektorean dibertsifikatzeko estrategiari esker lortu da gehienbat; izan ere, sektore horretan hazkunde handia bizi izan du Lantegi Batuak-ek; esaterako, lorezaintzan, garbiketan, externalizazioan, digitalizazioan, dokumentuen kudeaketan eta zuzeneko publizitatean. Horretaz gain, zerbitzu berritzaileak bultzatu ditu: Etxejan (adineko pertsonei jatekoa etxera eramatea); Laguntek (lagungarri eta euskarri teknikoen alokairua) eta Hondata (dokumentu konfidentzialak suntsitzea).

Zerbitzu arloan aipatzekoa da, bestalde, Getxon -Udalak lagatako lursail batean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzarekin- kokatu nahi den dokumentuen kudeaketa-bikaintasunerako zentro aitzindaria; zentro hori sektoreko erreferentzia teknologiko bihurtu nahi da eta, aurreikusita dagoenez, 2011rako jarriko da abian. Lantoki horretan urritasuna duten pertsonentzako 30 lanpostu sortuko dira eta dokumentuak kudeatzeko zerbitzuak bilduko ditu, baita teknologia berriekin, digitalizazioarekin eta artxibo-kudeaketarekin lotutakoak ere, dokumentu konfidentzialen suntsiketa barne.

Era berean, BBKrekin lankidetzan egindako proiektu bati esker, Lantegi Batuak-ek Europako lehenengo gazte-aterpetxe urbanoa zabaltzea espero du 2011n; aterpetxe hori urritasun duten pertsonek kudeatuko dute. Hiriko aterpetxe modernoa izango da, Bolueta auzoan kokatua, metroz Bilboko erdigunetik 5 minutura. Instalazioak erabilerrazak izango dira, hau da, mugikortasun urria duten pertsonentzat guztiz egokituak, eta hainbat zerbitzu erakargarri eskainiko ditu.

Pribatutasun politika Cookien politika