100%

GAI

Abr 24

“Lantegi Batuak erakundeko profesionalentzako gutun irekia”

Kaixo denoi

Susana Gorbeña naiz, Lantegi Batuak Fundazioko presidentea. Beste askoren moduan, etxean nago, tele-lana egiten. Adimen-desgaitasuna duen neba bat daukat, eta nirekin dago, Lantegi Batuak-eko bere zerbitzu okupazionala etenda baitago. Ez da erraza izaten ari, baina nahiko ondo daramagu.

Une zailak eta konplikatuak dira; horregatik, Fundazioko langile guztiei animo eta itxaropen mezua bidali nahi diet. Patronatu osoaren eta familia guztien izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu lehen lerroan zaudeten guztiei, funtzionatzen jarraitzen duten zentro eta zerbitzu guztietan zaudetenei. Gauero bihotzez eskaintzen dizuegu esker onezko txalo-zaparrada.

Baina, batez ere, desgaitasuna duten pertsona guztiei adierazi nahi diet nire esker ona. Esker ona baino, miresmena. Uste dut erresilientzia, ahalegin eta gizarte erantzukizunari buruzko irakaspen garrantzitsua ematen ari zaizkigula. Ikasten ari garen guztia ondo barneratzeko denbora beharko dugu. Bereziki hunkituta naukate une hauetan Lantegi Batuaken zentro eta zerbitzuetan eta Bizkaiko eta Euskadiko beste hainbat zentrotan lanean ari diren desgaitasuna daukaten pertsonek, maskara eta ekipoak egiten, egoitzetan garbiketa lana egiten eta pertsona nagusiei jatekoa eramaten. Lantegi Batuak erakundearen mezua, “%100 gai”, inoiz ez da hain benetakoa izan.

Batzuek esaten dute mundua betiko aldatu dela, pandemia honek mundua, gure gizartea, gure lehentasun eta balioak aldatzera behartuko gaituela. Ez dakit hainbesterako izango den, baina argi daukadana da desgaitasuna duten pertsonei buruzko diskurtsoa berridatzi behar dugula: horietako asko, beren lanaren bidez, jendea zaintzen ari dira, une kritiko honetan gizarteari ekarpena egiten ari dira, eta, bakoitza bere laguntzarekin, soberako gaitasuna dutela erakusten ari dira (ikasten ari garen beste gauza bat, denok behar dugula laguntza).

Azken finean, ehuneko berrehun gai direla erakusten ari dira.

Beraz, Lantegi Batuak familia handia osatzen dugun guztion partez, eskerrik asko eta besarkada handi bat okerren pasatzen ari direnei. Aurrera, eta mila esker, bihotzez!

Pribatutasun politika Cookien politika