Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
mayo 13

Lantegi Batuakek 292 milioi euroko Gizarte-balio Integratua sortu zuen 2025ean

Bere negozio-zifra % 14 igo zen, eta Bizkaian 60 lan-aukera berri sortu zituen desgaitasuna duten pertsonentzat.

Lantegi Batuak Bizkaiko gizarte-ekonomiako erreferentziazko erakundea da, eta 3.300 pertsonatik gora biltzen ditu; horietatik % 80k desgaitasunen bat dute. Entitateak 21 zentro industrial dauzka lurraldeko eskualde guztietan banatuta, eta zerbitzu-sare zabala garatu du hainbat arlotan: lorezaintza, garbiketa, dokumentu-kudeaketa, vendinga, edo mendekotasun-egoeran daudenei laguntzea.

2025ean, erakundeak 60 lan-aukera berri sortu zituen desgaitasuna duten pertsonentzat: 40 bere zentro- eta zerbitzu-sarean, eta beste 20 enpresa arruntetan. Gaur egun, adimen-desgaitasuna duten 139 pertsona ari dira lanean Bizkaiko enpresetan, hainbat sektoretan, Lantegi Batuaken Lagundutako Enplegua programari esker.

Negozio-zifra 112 milioi eurokoa izan zen –% 14tik gorako hazkundea erregistratuta–, eta 3,2 milioi euroko inbertsioak egin ziren, bai instalazioak egokitzen eta bai teknologietan.

Bestalde, erakundeak 292 milioi euroko Gizarte-balio Integratua sortu zuen. Balio horrek garbi erakusten du zer-nolako eragina duen Lantegi Batuakek berarekin jarduten duten interes-taldeetan; hau da, desgaitasuna duten pertsonengan eta haien familiengan, Administrazio publikoetan, bezeroengan eta hornitzaileengan.

Lantegi Batuaken Anboto zentroko laser ebaketa

Arlo industrialean, jarduera-maila handia izan zuen 2025ean. Nabarmentzekoa izan da metalaren eraldaketaren arloan egindako apustua; izan ere, Iurretan zentro berri bat inauguratu zen, azken belaunaldiko teknologietan espezializatua, hala nola ur-zurrusta bidezko mozketan eta laser bidezko mozketan. Teknologia horiek osatzeko, tolesteko eta txertatzeko sistemak, eragiketa lagungarriak eta logistika baliatzen dira. Horri esker, Lantegi Batuakek zerbitzu integrala eskaintzen die bezeroei, zeinak batik bat sektore elektrikokoak diren, hala nola Power Electronics, Grupo Velatia, Ingeteam Power Technology, Arteche, MESA-Manufacturas Eléctricas eta Pronutec.

Logistikaren atalean, Lantegi Batuakek bere hub-aren ahalmena handitu zuen: gaur egun, 7.500 metro karratuko azalera du, 50.000 erreferentzia eta 13.000 kokaleku biltegiratzeko gaitasunarekin, eta aukera ematen du egunean 2.000 eskaera-lerro kudeatzeko.

Zerbitzuen arloan ere jarduera-maila oro har positiboa izan da. Bereziki azpimarratzekoa da Zornotzako udal garbiketa-zerbitzuaren kontratua berritu izana, baita bezero pribatuekin sinatutako hainbat kontratu ere.

Kalitatearen eta bikaintasunaren aldeko etengabeko apustuan, erakundeak ISO 9001, ISO 14001 eta ISO 45001 ziurtagiri berriak lortu zituen hainbat zentrotan, AATF berritzea lortu zuen, bai eta SGSI 27001 arau berrira egokitzea eta Complianceren UNE 19601 ziurtagiria eskuratzea ere.

Prestakuntzaren esparruan, nabarmentzekoa da pertsonen prestakuntza teknikoan egindako ahalegin garrantzitsua, batik bat elektronikan eta muntaketa multiteknologikoetan. Era berean, Txandakako Prestakuntzaren bigarren deialdia jarri zen martxan. Eredu horrek prestakuntza teorikoa eta lana uztartzen ditu, eta adimen-desgaitasuna duten 31 pertsonak parte hartzen dute bertan, bai industrian eta bai zerbitzuetan.

Bestalde, Akademia Egokituak berriro lagundu zien adimen-desgaitasuna duten pertsonei organismo publikoek deitutako azken oposizioak prestatzen.

2025eko beste gertakari garrantzitsu bat Zerbitzu Okupazionala birdefinitzea izan da, zeinak 785 erabiltzaile dituen. Tradizionalki enplegura bideratuta egon da eta Lantegi Batuaken zentroetan bertan gauzatu izan da; orain, aldiz, zerbitzu berriak lau dimentsio ditu: ikaskuntza, lana, ongizatea eta osasuna, eta komunitate-bizitza. Zabaldu egin da eskaintza, eta hobeto erantzuten die pertsona bakoitzaren interes eta premiei.

Horrela, jarduera osagarriak sustatuko dira ingurune berrietan, eta belaunaldiartekotasuna edo beste erakunde batzuekiko lankidetza bultzatuko dira, besteak beste. Horren adibidea da Erain proiektuaren bidez Itsas Museum erakundearekin garatzen duen lankidetza.

Lantegi Batuakek iaz aurkeztu zuen Balioari eta Jasangarritasunari buruzko bere lehen txostena, berezkoa duen gardentasunaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko kulturarekin bat etorriz. Txostenak informazio garrantzitsua jasotzen du erakundearen gizarte-, ingurumen- eta gobernantza-dimentsioen inguruan.

Aurten, amaitu egingo da 2024-2026 Plan Estrategikoa, zeina funtsezko lau erronkatan zentratuta dagoen: interes-taldeentzat sortutako gizarte-balioa areagotzea, pertsonen garapena bultzatzea, hazkundea eta jasangarritasuna sustatzea, eta garapen teknologikoa indartzea.

Pribatutasun politika Cookien politika